XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joan den hilean Fernando Amezketarra bertsolariaren historia ikusi genuen, eta jakin ere nolako pertsona barregile eta animosoa zen.

Bere kontuak hamaika izan dira, ahoz aho kontatuta.

Beraren zenbait pasadizo ekarri dugu hona: Erbi erlojua Fernando eta bere emaztea lanean daude soroan, eta bapatean erbi bat agertu da hil zorian eta beraien ondoan hil.

Fernandok segituan hartu eta izkutatu egin du.

Bost minututara ehiza txakurrak agertu dira eta atzea ehiztariak.

Berehala joan dira Fernandorengana: - Aizu, baserritarra, ikusi al duzu erbiren bat hemendik pasatzen?.

Eta Fenandok erantzun: - Bai, bai, hamarrak eta hogei dira oraintxe.

- Ez, gizon, ordua ez, ea erbiren bat ikusi duzun pasatzen.

- Baietz ba, azkar bazoazte hamaiketako mezara iritsiko zarete.

Ehiztariak Fernando burutik dagoela pentsatu dute: - Baina aizu, zoratuta al zaude? Ikusi duzu erbiren bat hemendik pasatzen?.

Eta Fernandok aurrera: - Demontre!! hamarrak eta hogei direla ba!!.

Ehiztariak burutik jota dagoela pentsatu eta barrezka joan dira.

Erbia galdu dute baina zoro bat aurkitu.

Handik aste betera Fernando hirira jeitsi da, eta kasualitatez ehiztariak aurkitu ditu tabernan.

Hauek ere ikusi dute Fernando, eta zera pentsatu dute: begira, hor dago nekazari zoroa, goazen adarra jotzera!!.

Eta Fernandorengana joan dira: - Aizu, baserritarra, esango al diguzu zer ordu den?.

Eta Fernandok erantzun: - Bai, benetan ederra egon zen erbia, nire emazteak ederki prestatu zuen saltsan!!!.

Arraina zatitzen Badaude Fernando eta herriko abadea bazkaltzen (abadeak gonbidatuta, noski), eta arrain ederra dute bazkaltzeko.

Beti bezala zati bi egiten dira: batetan burua dago eta bestean zati ederra.

Fernandok berehala, zati ederra hartu eta burua uzten dio abadeari.

Hau haserretu eta hauxe esaten dio: - Zu, Fernando, hori da gizalegezko jokabidea? Zuk lehena hartu eta zati onena?.

- Aizu, abade jauna. Zuk lehenengo hartzen baduzu, zein zati hartzen duzu? - Txarrena, noski.

- Hortxe duzu, bada, zeure zatia.

Aitaren eta semearen... Apaizak Fernando gonbidatu du bazkaltzera, baina Fernandoren semeak ere bazkaldu nahi du, eta etxean ez dago ezer.

Fernandok ondo pentsatu eta etorri nirekin, kanpoan itxaron eta deituko dizut bazkaltzeko esaten dio semeari.

Eta halaxe joan dira biak.

Eseri da Fernando apaizaren mahaian, eta bedeinkatzen hasi: - Aitaren eta Espiritu Santuaren izenean, amen.

Apaiza harrituta dago, zerbait falta da: - Aizu, Fernando, bedeinkatu berriz.

- Bai, bai. Aitaren eta Espiritu Santuaren izenean, amen.

- Eta semea zer Fernando, non utzi duzu semea? - Kanpoan utzi dut, baina berehala deituko diot!!.

Eta hala, egun horretan behintzat, aitak eta semeak bazkaldu zuten apaizaren etxean.